XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XVI. mendean Hegoaldeko Nafarroako sorginekin prozesurik sonatuenak Logroño hirian egin ziren.

Avellaneda, Sancho de Carranza eta Alonso de Salazar y Frias dira auziak aurrera eraman zituzten inkisidore ezagunenen izenak.

Sorginak zirela eta, jende xehearen artean bildurra bazen, eta Eliza gogotik saiatu zen sorginkeriaren kontra.

Lapurdin XVII. mendean Pierre Lancre Bordeleko jueza izan zen sorgin harrapatzaile gogorrena.

Erruki gabe erabili zituen bai sorgin eta bai haiekin harremanak izatearen akusaziopean ekartzen zizkiotenak.

Lancre, Caro Barojak dioenez, sorgin aitorpenak lortzeko haurrek, zaharrek eta torturatuek esandakoez baliatu zen.

Sorginkeriak bere errito eta mitoak dauzka: - deabrua gorestea.

- sorginek, deabruaren eraginez, abere itxura hartzea.

- akerra gorestea.

- errito arraroak egitea, beti magiaz eta misterioz beterik.

- lizunkeriazko jardunetan aritzea.

- etab. etab.

Sorginak zireneko akusaziopean sua eman eta erre egin zuten jendea izan bazen, bere burua sorgin aitortu zuenik ere ez zen falta izan.

Sorginen kontra eratutako prozesuetan akusatuei ateratako deklarazioetatik dakigu, esaterako, Zugarramurdiko akelarretan zer egiten zuten.

Sorginak eta xurginoak Landuchiok jaso bezala, gizonezkoak baziren ostiraletan biltzen ziren, gauez beti ere.

Jai handien bezperetan Gorpuzti, Domusantu, San Juan eguna festa bereziak egiten zituzten Deabrua adoratzeko.

Festa hauetan Deabruak berak ematen zuen meza.

Horrezaz gainera, Zugarramurdin, edozein ostiraletan: - abere bihurtzen ziren.

- ekaitzak eta indriskak eragiten zituzten, itsasoan ziren untziak hondora eramanaz.

- soro eta abereen kontrako gaitzak erakartzen zituzten.

- pertsonen kontra eritasunak eta herioa bidaltzen zituzten.

- banpirismoa ere egiten zuten, eta hildakoen haragia jan ere bai.

Sorginak kategoriaren arauera sailkatzen ziren beraien artean.

Sailkapen horretan, noski, azkenak sorgin egin berriak izaten ziren.

Sorgin-sorginkeriak gaur galduak direla norbaitek pentsa baleza, komeni zaio oker dabilela jakitea, sustoren bat hartu baino lehen.

Bizi gareneko XX. mende honen erdi aldera, Nafarroako herri bilera batean eginiko bilera erritual baten berri ematen du Caro Barojak: hori baserri bateko ikuilu edo eian egin zen.

Ez ditugu hona bertan gertatu guztiak ekarriko, baina... majo afaldu ondoren eta bederatzi afaltiarrak ere hiru emakume eta sei gizaseme bero bero zirelarik, katu bizi bat bota zuten ur irakinetara, eta gero jan egin zuten handik ateratako zapero gozoa.

Geroago, ilunetan eta bilutsik apo bila atera ziren kanpora.

Ez zuten bat bakarra aurkitu.

Itzuli ziren bilerara eta han jarraitu zuten algararik arraroenean, hemen aipatuko ez ditugun sorgin lanak egiten.